AnHitz euskaraz hitz egiten duen zientzia-aditu birtuala aurkeztu da Donostian. Avatar hau Anhitz ikerketa proiektuan garatutako prototipoa da. Vicomtech eta Tecnalia-Infotech zentro teknologikoek, Elhuyar Fundazioak eta Euskal Herriko Unibertsitateko (UPV-EHU) Ixa eta Aholab taldeek osatzen duten partzuergoak 2006-2008 urteetan landutako proiektuaren emaitza dugu AnHitz zientzia-aditua.
AnHitz proiektuaren helburua honako hau da: pertsonen eta gailuen arteko interakziorako behar diren euskarazko hizkuntza-teknologiak ikertzea eta garatzea, eta ezagutzak modu naturalean, intuitiboan eta atseginean kudeatzea. Ikerketa-proiektuak Eusko Jaurlaritzako Industria Sailaren eta Kultura Sailaren laguntza izan du. Anhitz bera ez ezik, partzuergoak egindako lanen eta ikerketen berri ere eman zen aurkezpenean.